Zirriborroak eta gogoetak
Bakearen, justiziaren eta anaitasunaren aldeko alegatua
Erronka artistikoa
Bi urteko lan gogorraren ondoren, berotasunez bere gain hartutako mural-proiektuaren funtsa eta forma imajinatuz, Xabier Egañaren buruan ideiak, formak eta koloreak igarotzen ziren erritmo frenetiko berean pilatzen ziren zirriborroak estudio-tailerrean. Ehunka prestatze-zirriborro, zortzi koaderno edo apunte-liburu, bost serie desberdin multzo osorako, soluzio kromatiko desberdinekin, idatziekin eta gogoetekin kontu hauei buruz: tamaina handiko (400 m2 baino gehiago) arte-erronka bat eta abentura pertsonal mingarria (artikulazioetako mina eta peritonitis akutua barne) baina aldi berean gozagarria, sorkuntza-prozesu bizi eta emankor oro bezala.
Konsultatu Xabier Egañaren textu guztiak eta gainerako zirriborroak.
Egilearen hitzak
Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatutako ziklo baten barruan bere proiektua azaltzeko gonbidatutako hitzaldi batean modu adierazgarrian esan zuen:
“Nire kasuan, artearen bideak, ezezagunerako bide bihurri horrek, Andetxara ekarri nau eta, gaur egun, beste etapa bat da nire bizi- eta arte-ibilbide luzean. Gaur egun, egunerokotasunaren bihozkadarekin, intentsitate handiz ari naiz bizitzen duela hiru urte hasitako erromesaldi espiritual hori, ideiak bilatzen, zirriborroak diseinatzen, egiturak eta konposizioak aletzen, gaur egun eliza batean garatzen ari naizen mural batzuk ebazteko. Erromesaldi luze bat da, bai nire ustez naizen edo izan nahiko nukeen horretan sakontzeko alderdi espiritualaren ikuspegitik, bai aldamio artean igotzera eta jaistera, koloretako potoak, trapuak, eskailerak eta pintzelak eta abar eramatera behartzen nauen esfortzu fisikoaren ikuspegitik.
Oso aurreratuta dagoen bizitzatik atera naiz, nire amets, beldur eta desira zaharren bilaketa berriro bizitzeko. Betidanik sentitu ditudan amets, beldur eta desira beraien bilaketa. Gaur horma batzuekin bizitzeko elkarrizketa zailera hurbiltzeko premia dut. Tamainen, distantzien edo absentzien balioarekin zuzeneko erlazioan sartzea, bilatzen ari naizela uste dudan eta hormen isiltasun zurian sartuta dauden irudiak agerian gera daitezen eta, azken finean, azaleratu, bizi bihurtu eta ager daitezen. Aitortu behar dut hormaren zati bakoitzean egiten dudan joan-etorrian, zati txikia bada ere, akitu egiten naizela baina, aldi berean, poz xumea sortzen didala, beti egin nahi izan dudan bidean ikusten dudalako neure burua. Gaur aurkezten dudan aurpegiari, egunez egun eta urtez urte, itxura ematen ari zaiona.”
Ideia eta formekin borrokan
Ondoren, mural-proiektua inspiratu eta gidatu behar zuten arrazoiak azaldu zituen:
“Hasieratik ikusi nuen neure burua ideiak bilatzeko eta bizitzeko arrazoiak eta zailtasunak jasotzeko zurrunbiloan murgilduta, sentimenduak eta sinboloak aurkitzeko, konposizioak antolatzeko eta espazioak banatzeko premiaren aurrean beldurrak eta zalantzak sentituz… Eta, aldi berean, inoiz abandonatzen ez zaituen zure zalantza eta desira gogobete gabeen presentziarekin batera bizitzera behartuta zaudela sentitzen duzu.
Hasieratik, oso ondo bereizitako bi zati zituen obrak: ataria eta elizaren barrualdea.
Atarian, herriko bizitzaren hainbat eszena finkatu ziren, hainbat alderditan: erlijiozkoa (herriak ardatz duen bide- gurutzea, Armolako Ama Birjina herrira ekartzea), jaiak (erromeriak eta herri-bazkariak…) eta, batez ere, Andetxako Done Mikelen eliza kokatuta dagoen komunitatearen bizitzaren ikuspegi orokorra.
Lehenengo lan hori, alde batetik, nire pintatzeko moduaren aurkezpena zen, dei egin zidan herriko jendearen aurrean. Eta, bestetik, apezpikuaren aurrean aurkezteko gutun bat zen, izan ere, azken batean, hark eman behar zidan baimena, eraikin erlijiosoaren esparru espazial eta espiritualari mende honetako ikuspegitik beste presentzia bat eman nahi zioten mural batzuk irudikatzeko erronka handian murgildu ahal izateko.
Apezpikuarekin elkarrizketatu eta zirriborroak aurkeztu ondoren, gauza batzuen eta besteen artean, urtebete eman genuen baimena iritsi zitzaigun arte. Azkenean, 2014ko abuztuaren 8an, Andetxako elizako abenturari eutsiko zioten aldamioen artean nengoen.
“Bizitzarako margoak” izenburua daraman obra osoaren helburua da eguneroko bizitzako mila alderdien eta, artearen bitartez, horien atzealdean dagoenaren arteko topaketa eskaintzea, esaterako, antzinako maskaren (paterak, aurpegiak, zaldiak, irudiak) bitartez, aldi berean existentziaren presentzia berriak ezkutatu eta adierazten dituztenak eta, printzipioz, antzematen beti errazak ez direnak. Lehenengo begirada, gure zentzumenek azaletik eskaintzen digutena izaten da beti. Ikusten duguna eta ulertzen dugula dirudiena. Bestea, bigarrena, aurrean daukagun itxuran ezkutatzen dena ezagutzera gonbidatzen gaituena. Ezagunaren eta ustekabekoaren arteko metamorfosi bat bizitzera, geure burua eskainiz, eta, itxurazkoa gaindituz, gure barnearen hondoraino urrats bat haratago joatera gonbidatzen gaituena, isilean gordetzen ditugun misterioetara hurbilduz.”