Ideia

Proiektuaren jatorria

Bizitzarako margoak

“Bizitzarako margoak” proiektuaren iturburua XVI. mendeko Done Mikelen eliza itxita ikusteak Andetxako (Araba) herritarren artean sortu zuen tristura izan zen. Etengabeko narriaduraren ondorioz, erortzear zegoen. Forondako aireportua eraiki ondoren herrian geratzen zen azken ondare historikoa lehengoratzeko borondateak, batetik, eta kultura- eta monumentu- aztarnek islatzen duten lehengo belaunaldien historiarekiko eta bizitzarekiko errespetuak, bestetik, hizpide dugun proiektuari eman zioten bidea.

Herria tenplua berriz irekitzeko mobilizatu zen. XVIII. mendeko erretaula barroko handi bat du, oso ondo kontserbatua, eta Armolako Ama Birjinaren tailla ederra.

Herri konprometitua

2009ko amaieran, bizilagunek aho batez erabaki zuten San Migeleko estalkia konpontzeko gestioak egiten hastea. 2010eko uztailean, Gasteizko Gotzaindegiak eta Arabako Foru Aldundiak ondare historikoa kontserbatzeko osatutako batzorde mistoaren proposamena onartu zuen Arabako Foru Aldundiak, hain zuzen ere Andetxako Done Mikelen elizako estalkia konpontzeko. Herriak egingo zuen hasierako ekarpen ekonomikoa proiektua gauzatzeko. Obrak 2010eko uztailean hasi eta urte bereko abenduan bukatu ziren.

Hala ere, barrualdea hotza, hezea eta hondatua zegoen eta ez zen batere erosoa.

Eztabaida-garaia

Zer egin leku harekin? Zergatik ez amets egin eliza zaharrean esku- hartze artistiko garaikide bat egitearekin, gure garaiko giza izaeraren kezka, gozamen eta itzalen oihartzuna izan zedin, garai batean hizkuntza eta sinbologia desberdinekin izan zen bezala? Zergatik ez itzuli bere nortasuna eta berezitasuna aireportuaren eraikuntzak ondarea eta historia zaurituta utzi zizkion landa- komunitate txiki honi? Zergatik ez egin tradizioa eta modernitatea bateratuko zituen mural-proiektu handi bat, Arantzazun eta Europako beste leku batzuetan egindako lanari jarraipena emanez? 

Esan eta egin. Xabier Egaña pintoreari proposatu zitzaion ideia. Xabier Egaña Arantzazuri lotutako artista eta esperientzia handiko muralgilea da, besteak beste Arantzazuko Ama Birjinaren Gelatxoko, Mühlengo San Buenaventura elizako eta Euskadi eta Puerto Ricoko beste eliza batzuetako muralen egilea. Gogo handiz onartu zuen erronka.

Herriak ekimena babestu eta pintura-lanak egiten laguntzeko eta finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Krisi ekonomiko bete- betean, artea eta kultura sustatzearen alde egin zuen herriak. Horrela sortu zen “Bizitzarako margoak”.

Informazio gehiago lortzeko, kontsultatu Bizitzarako margoak argitalpena.

Scroll to Top